Berrikuntzaren etorkizuna Bizkaian
Bizkaian berrikuntzari buruzko adierazle askok behera egin badute ere, azpimarratzekoa da beste batzuek izandako hazkundea. Nolabait, pandemiaren ondorioz gertatzen ari den aldaketa sozialak enpresen mapan kokatu du, ostera ere, berrikuntzari ekiteko premia, testuinguru ekonomikoa ona zein txarra izan.
BFAk, Barrixek (Bizkaiko Berrikuntza Behatokiak) eta Bilboko Merkataritza Ganberak berrikuntzak enpresetan duen garrantziari buruzko Norabidea inkesta egin dute, eta, lortutako datuen arabera, % 53,8raino handitu da egoera ekonomikoaren ondorioz beren berrikuntza-helburuak apaldu ez duten enpresen portzentajea; berrikuntza-jardueraren arrakastak, berriz, nabarmen egin du gora arlo guztietan: industria eta energia (% 76,7), eraikuntza (% 83,6), merkataritza eta konponketa (% 79,1) eta zerbitzuak (% 79,7).
Mota horretako adierazleen igoerak hobetu egiten du enpresek berrikuntzaz duten pertzepzioa, seguruenik efektuak oso positiboak izan direlako eta aurreikuspenak aise bete direlako. Berrikuntzari ekin ez dioten enpresen artean gorantz egin du berritu beharraren balorazioak. Etorkizunari begira Bizkaiko enpresek berrikuntza jarduerari buruz dituzten asmoek ere nabarmen egin dute gora, alor guztietan.
Berrikuntzari laguntza
Bestalde, enpresen % 70,2k dio laguntzaren bat behar dela berrikuntzei ekiteko. Hauek dira gehien eskatutako laguntzak:
- % 50ek laguntza ekonomikoa, dirulaguntzak edo finantzaketa eskatzen du.
- % 7k orientazioa edo berrikuntza-arloko aholkularitza eskatzen du.
- % 6k langileen gaitasuna hobetzea nahi du (prestakuntza, langile berriak ekartzea).
- Enpresen % 27k ez du inolako laguntzarik behar, edo ez du berrikuntza-premiarik.
Berrikuntzaren moteltzea
Berritzearen garrantzia azpimarratu dugun arren, enpresen portzentaje handi batek ez du oraindik berrikuntza-ekintzarik egin, eta ez du uste berritzea beharrezkoa denik. Portzentaje horrek apur bat egin du gora azken urtean, % 72,3tik % 74,7ra. Hauek dira gehien eragiten duten arrazoiak, eta dagozkien ehunekoak:
- Berrikuntza-kulturarik eza: multzo honetan daude berritzea beharrezkotzat ez duten enpresak. Aurreko urtearekin alderatuta, gehien igo den ehunekoa da, % 7,8tik % 18,6ra.
- Merkatua moteltzea: hau da, ez dago ondasun eta zerbitzu berritzaileen eskaririk. Portzentajeak apur bat egin du gora, eta % 52,8koa da orain.
- Finantzatzeko zailtasunak: lehen esan dugun bezala, enpresa askok laguntza falta nabaritzen dute berrikuntzaren kostuei aurre egiteko unean, eta hori galga da berrikuntzarentzat. % 17,6k zailtasun horiei egozten die berrikuntzarik eza.
- Pandemia edo krisi-egoera: % 9,3k albo batera utzi behar izan du berritzeko nahia, COVID-19aren krisia dela eta.