Berrikuntza-jarduerak pandemiaren aurrean eutsi dio Bizkaian
Osasun-krisiak jarduera ekonomikoan izan duen eragina gorabehera, Bizkaiko enpresen berrikuntza-jarduera ez da eten; aitzitik, sortzen ari diren beharrizan berriei heldu die. Egia da berrikuntza apaldu egin dela, iazko datuekin alderatuta, baina zenbait adierazlek erakusten dute berritzea, bere horretan, balio bat dela.
BFAk, Barrixek (Bizkaiko Berrikuntza Behatokiak) eta Bilboko Merkataritza Ganberak Bizkaiko enpresetan berrikuntzak duen garrantziari buruz egindako Norabidea inkestaren arabera, Bizkaiko 10 enpresatik 4k berrikuntza-ekimenak garatu zituzten 2020an, eta enpresa horien % 52,3k dio berrikuntzaren arloko jardueraren bat egin dutela azken lau urteetan, modu jarraituan edo aldizka. Jaitsiera horren ifrentzua helburuak edo aurreikuspenak guztiz edo neurri handian bete dituzten enpresei buruzko datua da: % 78,8 (aurreko urtean, berriz, % 65,3). Horrenbestez, segida historikoaren gailurra jo da. Izan ere, berritzearen esperientziak balantze positiboa ematen jarraitzen du, berrikuntzak egin dituzten elkarrizketatutako enpresa gehienen ustez.
Enpresek berrikuntzak egin dituzten eremuei begira, % 38k prozesuen arloan berritzea hautatu du, % 22k produktu eta zerbitzuenean, % 14k enpresaren antolamendu-egituran egin du berrikuntza, eta % 31k marketinaren eta komertzializazioren alde egin du.
Ikus daitekeen bezala, enpresa berritzaile gehienek ez dituzte eraldaketak esparru bakarrean gauzatzen. Aitzitik, arlo bat baino gehiagori eragiten dion berrikuntza integralaren alde egiten dute. Sail teknikoa, I+G+B edo bereziki berrikuntza-arloan diharduten langileak dituzten enpresen artean, kopuru hori % 50 baino gehiago igo da, 2019ko % 7,1etik 2020ko % 14,9ra.
Berrikuntzak ez du behera egin
Asmakizunak, berrikuntzak edo ezagutzak babesteko neurriak hartzen dituzten enpresen kopurua % 16ra jaitsi da, baina, haatik, Bizkaiko enpresen % 89,8k ez zuen berrikuntza eten 2020an. Nabarmentzekoa da, era berean, enpresen erdiek, hau da, % 54k, erabaki dutela ez dituztela beren berrikuntza-helburuak apalduko egoera ekonomikoa dela eta. Beste alde batetik, % 63k dio prest dagoela berrikuntza-prozesuei ekiteko testuinguru ekonomikoa edozein dela ere. Gainera, enpresen ia % 20k berrikuntza-jardueretarako aurrekontu-sail espezifikoa du.