Nola babestu berrikuntza eta ezagutza enpresetan?

Ez da berrikuntzaren alde egiten den apustu hutsa. Enpresak ezagutza baliotsua sortzen duenean, bere garrantzia haztatu eta beste erakundeekiko abantaila lehiakorra izan daitekeen hori babesteko metodorik eraginkorrena aurkitu behar du. Berrikuntzak babesteko hainbat metodo daude: patenteak, erregistroak, kontratuak edo akordio pribatuak, etab.

Enpresaren arduradunen esku dago, kasu zehatz bakoitzaren arabera, horitatik egokiena hautatzea. Baina horri dagokionez, estrategiarik okerrena politika argirik ez edukitzea da. Horregatik harrigarria da Bizkaiko enpresen multzoak berrikuntza eta ezagutza babesteari hain garrantzi gutxi ematea.

Norabidearen datuen arabera, alegia, Bizkaiko enpresetako berrikuntzaren garrantziari buruzko inkesta, DFBk, Barrixek (Bizkaiko Berrikuntza Behategia) eta Bilboko Merkataritza Ganberak egina,  Bizkaiko enpresa gehienek ez dituzte euren berrikuntzak, ideiak edo ezagutzak babesten.

Horrela, Bizkaiko enpresen %24,2k soilik babes prozeduraren bat erabiltzen du. Kasu horietan, fabrika edo merkataritza marka erregistratzea da gehien erabiltzen den prozedura (%16,0).

Izan ere, metodo honen eta gainontzeko babes metodoen arteko tartea nabarmena da, gehien erabiltzen den bigarrena industria erabilerako ereduaren patentea baita, kasuen %5,2rekin.

Euren ezagutzak babesten dituzten enpresa gehiago edo gutxiago agertzea hiru aldagairen araberakoa da. Alde batetik, berrikuntza jardueretan parte hartzea eta bestetik, berriz, enpresaren tamaina, 20 langileetatik gora, protokolo hauek aplikatzen dituen enpresen kopurua hamar enpresetatik hiru baita. Eta azkenik, jarduera sektorea.

Merkataritza eta konponketa enpresak %27,6ra iristen dira ezagutza babesteari dagokionez, zerbitzuetako sektorearen enpresen %25,6, industria eta energia enpresen %24,1 eta eraikuntza sektoreko enpresen %15,8rekin alderatuta.

Ikusten dugunez, Bizkaiko enpresek hobetu dezakete berrikuntza eta ezagutza babesteari dagokionez. Zalantzarik izanez gero berrikuntzarekin lotutako edozein alderdiri dagokionez, kontsultatu Bizkaiko Foru Aldundiarekin, bere adituek inoiz planteatu ez dituzun eta zure enpresan berrikuntza bideari ekin egiten lagunduko dizuten aukerak eman ahal dizkizute eta.