Berrikuntza arloan lan egiten dutenen garrantzia

Berrikuntza sustatzea benetako helburua baldin bada, ezin gara hitzerdika ibili. Bide horren aldeko apustu irmoa egin behar da. Berritzeko asmoa duen enpresa batean eman behar diren ezinbesteko aldaketen barruan, oso garrantzitsua da arlo honetan bakarrik lan egingo duen profesional talde bat sortu behar dela aipatzea.

Hala ere, errealitateak sarritan agerian uzten du enpresetan ez dagoela I+G+b arloa edo berrikuntza oro har lantzen duen talderik. Horrenbestez, erabateko aldaketa premiazkoa duen arlo bat da.

Norabidea inkestaren datuen arabera, ( BFA, Barrixe (Bizkaiko Berrikuntza Behatokia) eta  Bilboko Merkataritza Ganbera erakundeek Bizkaiko enpresen berrikuntzaren garrantziari buruz egina), Bizkaiko enpresa gehienek ez dute I+G+b edo I+G sail teknikorik, ezta berrikuntza arloan lan egiten duen langilerik ere.  Hori ematen da kontsultatutako erakundeen %81,2an. Enpresa guztien %18,8ak bakarrik berrikuntza arlorako langile talde zehatza dauka.

Baina, errealitateak erakutsi digu enpresa handitzen doan heinean, langile kopuruari dagokionez, berrikuntza arloan eskumenak dituzten langiledun enpresen proportzioak ere gora egiten duela.

Horrela, 10 langile baino gutxiago duten enpresetan, %11k bakarrik du berrikuntzarako langile talde zehatza. 10 eta 19 langile bitartean dutenetan, %18,7k dio zeregin zehatz honetarako langileak dituela. Ehunekoa %28,6ra arte igotzen da 20 eta 49 bitarteko langileak dituzten enpresetan; eta %47,4ra arte, berriz, 50 edo hortik gorako langile kopurua dutenetan.

Berrikuntzarako soilik diren sail eta langileen aldeko apustu irmoagoa egin duten sektoreei dagokienez, Industria eta Energiako enpresak (%23) gehien nabarmentzen direnak dira, ondoren, Zerbitzuen sektoreenak (%20,1), Merkataritza eta banaketa (%13,5) eta Eraikuntza (%10,4).

Enpresetako berrikuntza arloa osatzen duten langileen kopuruari dagokionez, zeregin honetan zehazki lan egiten duten langiledun enpresen batez bestekoa 3,7 langile dira. Gai honi dagokionez, enpresa ertainak dira berrikuntzan lan egiten duten langile kopuru handiagoa dutenak: 10 eta 19 bitarteko langiledun enpresek batez besteko 6,3 langile dituzte arlo honetan, 50 edo langile gehiago dituztenek, 4,5; 2,5 20 eta 49 bitarteko langile kopurua dutenak eta  1,6 10 langile baino gutxiagokoak.

Ikusten dugun bezala, Bizkaian berrikuntza arloko erantzukizunak dituzten langiledun enpresen tasa oso txikia da eta tamainarekin guztiz egiten du bat, langileen kopuruari dagokionez. Horrenbestez, berrikuntzaren esfortzua ez dagokie beti arlo honetako edo arlo honetan eskumenak dituzten langile zehatzei, eta hura enpresek berrikuntzaren alde egiteko saiakerak oztopatu ditzake.